XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Unibertsitatea

Zientzia eta hizkuntza lotu nahian

UEUk euskal unibertsitateari buruzko kongresua antolatu du 29an

P. PELLEJERO. Iruñea

Euskal Unibertsitatea eratzea posible al da?

Zeinek hartu beharko luke parte?

Nondik hasi? Nola egin?

Suarez Espainiako presidente ohiak fisika nuklearra euskaraz ikasteko posibilitateaz trufaz mintzatu zenetik elur asko bota du.

Halere, eztabaida askozaz ere zaharragoa da.

Izan ere, 1886an Nafarroako Diputazioak Euskal Herriko Unibertsitatea gauzatzeko proposamena luzatu zien gainerako euskal diputazioei.

Ideia hortxe gelditu zen, proposamenean, baina kezkarik bazegoela adierazten du.

Kezka horri eutsiz, hain zuzen ere, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), 24 urte betetzen duen honetan, gai hau sakonki aztertuko duen kongresua antolatu du apirilaren 29an Donostian, eta jadanik 120 aditu dira parte hartzea konfirmatu dutenak.

Antolatzaileek herrialde guztietako 150 pertsona biltzea espero dute.

UEUk azaldu duenez, badira bizpahiru urte Euskal Unibertsitateari buruz eta, zehazkiago, UEUren helburu eta egoerari buruz eztabaida berrindartu egin dela.

Beraz, eta eztabaidaren heldutasun mailak horrela eskatzen duelakoan, UEUk Kongresua antolatu du egindakoen eta egitekoen azterketa bideratzeko eta bere etorkizunerako helburuak eta lan-ildoak finkatzeko.

Lan taldea

Kongresuan aztertzekoa den materiala hobeki prestatzeko, lan talde bat osatu zen duela hilabete batzuk honako kide hauekin: Kepa Altonaga UEUko zuzendaria, Joxerra Aiartza Natur Zientzi Sailekoa, Pruden Gartzia, Mikel Aizpuru eta Iban Zaldua Historia Sailekoak eta Iñaki Marko Soziolinguistika Sailekoa.

Lan taldea buru belarri aritu da lanean, informazio-orriak UEUren inguruan mugitzen den jendeari zabalduz, ponentziak prestatuz eta banatuz, zuzenketa-proposamenak bilduz eta hau guztiari azken ikutuak emanez.

Unibertsitatearen afera ez da UEUren esparrura bakarrik mugatzen, baizik eta gizarte eta hezkuntzaren zenbait arlotan bizirik dagoen gaia da.

Hor daude unibertsitatearen euskalduntze arazoak, irakaslego propioaren eztabaida, Euskal Autonomi Elkartean aurki eztabaidatuko den Unibertsitatearen erreformari buruzko legea, Euskal Herriko Unibertsitate eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean bideratzen ari den kolaborazioa eta distrito bakarrari buruzko eztabaida, eta Iparraldean bertako distritoa eta Unibertsitatea lortzeko ematen ari diren urratsak...

Xedeak

Kongresuari begira, honako xede hauek planteatu ditu UEUk: euskara eta unibertsitatea uztartzearen bidean Euskal Unibertsitatearen gain sakontzea; unibertsitatea eta euskararen gai honetan etorkizunerako proiektua lantzea; eta ardura eta une berriei egoki erantzuteko UEUk bere burua ahalik eta ongien prestatzea.

Kongresuan bi ponentzia eztabaidatuko dira.

Alde batetik, Helburu eta etorkizunari buruzko oinarrizko ponentzia izenburukoa, eta beste aldetik UEUren eraketari buruzko ponentzia.

Aurreneko ponentziak bi atal nagusi ditu.

Lehenbizikoan azterketa eta kokapen historikoa egiten da, bai UEUrena zein unibertsitatearena oro har, hau da, Euskal Herrian izan diren unibertsitateen historia laburra, frankismoaren amaieran izandako Euskal Unibertsitateari buruzko eztabaida eta euskal barruti unibertsitarioaren aldeko borroka, UEUren sorrera eta ekarpenak eta bilakaera orokorraren emaitzen balantzea.

Bigarren atalean, UEUk etorkizunari begira dituen helburu eta eginkizunei buruzko hausnarketa egiten da helburu nagusia, estrategia-ardatzak, lan-ardatzak eta tresnak.

Bigarren ponentziak ere bi esparru jorratzen ditu.

Batetik UEUren egungo egoeraren diagnostikoa egiten da, dauden hutsuneak ongi identifikatu asmoz.

Eta bestetik, aipaturiko hutsuneak betetzeko eta helburuetan onartutako eginkizunei behar bezala erantzun ahal izateko, UEUren egituraketari buruzko proposamen berriak aipatzen dira.

KOMUNITATE ZIENTIFIKOA

Iñaki Marko UEUko Soziolinguistika Sailekoak jakin badaki Euskal Unibertsitatearena eztabaida zabala dela eta jokaera anitz planteatu behar direla, hala nola euskal komunitate zientifikoa bultzatzea, ekonomia eta gizarte esparruetako eragileak inplikatzea, UEUk bakarrik ezin baitu proiektua aurrera atera, eta abar.

Markoren ustez, orain arte Euskal Herrian sortu diren unibertsitateak erdaratik abiatu dira eta hortik euskarazko bidea egin behar izan dute nork bere neurrian.

Beraz, euskara periferian geratu da.

Guk haratago joan nahi dugu, euskara eta Unibertsitatea uztartuz.

Badakigu Euskal Unibertsitatearen konzeptua urrun dagoela oraindik.

Halere egitasmo honen inguruan badago kezka gizartean.

Horregatik asko lan egin behar dugu.